XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Goazen beti aitzina

ASTE honetan baikor izateko arrazoinak heldu zitzaizkigun gogora, ikusiz Iparraldeko abertzaleak berriz bateratzen ari hauteskundeei buruz.

Itxaropen zerbait eta lanerako gogo bizia ere senti zitekeen batzuen eta besteen solas eta idazkietan.

Hasteko eta bat, ageri zen bakoitzak indar egiten zuela besteari hurbiltzeko edo bederen bestearengandik urruntzen duen hura baztertzeko.

Nola ez izan atseginez betea ikusiz EA ere Abertzaleen Batasunari lotzen, EAJ erasiatuz ez zuelakotz beste hainbeste egiten?

Nazio bat eraikitzerakoan iritzi ezberdinak bildu behar dira elkar osatzen baitute sintesi lana zailtzen badute ere.

Ezin uka, haatik, bakoitzaren jokabidea doi bat markatua gelditzen dela: batasuna ezinezko bihur lezakeen urratsik ez baita egin behar, batasuna ez haustekotan.

Halarik ere ez da probetxurik, politikan sartzen denak, interes kontrajarrien artean ere lan egin beharko du maiz, eta Herriaren egiazko nahia hautemaitea lantsua izanen da beti.

Baikor genbiltzan beraz joan den ortziraleko berria gutaratu arte: Korsikako prefetaren hilketa.

Hango gertakariek hurbiletik hunkitzen gaituzte, Hegoaldetik datozenek bezalaxe funtsean.

Prefetaren hiltzeak herrialde menperatuen auzia pizten du auzi hori alha den eremuetan baina onerako ala txarrerako den ezin erran.

Gaitzesten dugu ekintza hori nornahi izan dadin egilea edo eragilea.

Ez prefet karguaren begirunez, bistan dena, baina hilketa horrek Frantzia desafiatzen baitu eta hori hirriskuz betea dela baitaukagu.

Zertako? Ez iduririk ere eta bere botere guzien gatik, Frantzia Estatu hauskor bat da azkenean.

Nazio artifiziala baita, erregeek eta Iraultza Haundiak, eskolak, telebistak, gerlek eta abarrek bateratua baina halere bere sasi-naziotasuna ez duena osoki bururatua.

Egundainotik gizonak leinuka, arrazaka edo herrialdeka bildu dira baina Frantzian, erregeek hasi lana Iraultza Handiak zehaztu du, ararteko guziak baztertuz, hau da, Frantziak ez du onartzen Estatuaren eta gizabanakoaren artean beste elkargorik, ez herritasunik.

Ez aspaldi, korsikar populurik ez dagoela (...) garbiki errana du Estatu Kontseiluak.

Gezurrean tematua dabil Frantzia, erreski froga baitaiteke korsikar populu bat badela.

Orain korsikarrek berek eta beren artean batasun zerbait eginik beharko dute erakutsi zer nahi duten eta nora joan gogo duten.

Bestela, gaurko hilketa, nazionalistena balitz, ezintasun baten seinalea baizik ez litzateke.

Horra zertako diogun, denik ere eta nekez bada nekez, Frantziak onar lezakeen gauza bakarra datekeela hauteskunde bidez plazara genezakeen nahikunde garbia.

Aho beteka sufragio unibertsala goraipatzen digute: hitzean hartu behar ditugu guk ala korsikarrek mundu guziaren aitzinean.

Ez dugu beste biderik ikusten.

Goazen beraz beti aitzina, mainguka bada ere, xedeetan tinko, jendearekilakoa landuz eta ez sobera presatua izanez: emaitzak etorriko dira bere orduan. Haupa Abertzaleen Batasuna !